Skip links

KOOPDSen galdetegia

KONFEKOOPek 2030 Agenda betetzeko abiatutako ekimena

Kooperatibaren autodiagnostikoa GJHen inguruan

Tresna hau, zertarako? Kooperatibismoa eta 2030 Agenda.

KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Munduko Landa Foroarekin eta UNESCO Etxearekin elkarlanean, premiazkotzat jotzen du euskal kooperatiben balio eta jardunbideak Nazio Batuen 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) uztartzea. Sinetsita gaude kooperatibak gizarte justu, jasangarri eta inklusiboago baten alde ari direla lanean, eta harago joan daitezkeela eta joan behar dutela, beren ekintza sendotuz. 2030 Agendak, bere 17 GJHekin, horretarako aukera ematen du, esparru eta norabide zabal eta argiak ematen baititu. Horrez gain, gizarte-eragile publiko eta pribatuen jasangarritasunaren auzia gero eta maizago dago eztabaiden eta politiken erdigunean. Auzi hori jada ez da soilik teorikoa eta hautazkoa; aitzitik, nahitaezko eta ezinbesteko faktore bilakatu da, jarduera sozioekonomikoek aurrera jarrai dezaten lurralde guztietan, bai eta Euskadin ere.

Ikusi dugu kooperatibek 2030 Agendaren ezagutza gutxi dutela. Galdeketa hau eta webgune hau, beraz, hutsune hori betetzeko garatu ziren, lehenik eta behin, eta, bigarrenik, kooperatibei 2030erako Agendarekiko konpromisoari buruzko elementu zehatzak emateko: GJHekin duten lerrokatzearen egungo egoera eta hobetzeko bideak.

Nola funtzionatzen du?

Galdetegi bat da. Bertan, 30 galdera daude, 2030 Agendako 17 GJHen 169 xedeekin lotuak: enplegu eta lan duinaren aldeko neurriak, prestakuntzaren aldekoak, aukera-berdintasunaren aldekoak, berrikuntzaren aldekoak, kontsumo arduratsuaren aldekoak eta abar. Autodiagnostiko horrek helburutzat du kooperatibei jabearaztea eta erakustea 2030 Agenda betetzeko funtsezko eginkizuna dutela.

Galdetegiaren amaieran, kooperatibek kolore bat jasoko dute (berdea, laranja edo gorria), dagokion GJH zenbateraino betetzen duten adierazteko: konpromisoa bete bada, berdea; hobetu beharra badago, laranja; eta beharrezkoa bada abian jartzea, gorria. Erantzunak laburbiltzen dituen txosten pertsonalizatu bat emango zaie kooperatibei, bai eta prentsa-ohar bat ere, hori ere pertsonalizatua, kooperatibek argitara eman dezaten, hala nahi badute. Horrez gain, txostenak eranskin bat izango du, informazio baliagarria eta konpromiso hori sustatzeko eta indartzeko kontaktuak jasoko dituena.

Informazio gehiago GJHei buruz

Deskargatu formularioa Word-en